XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Israelgo eskuineko bloke nagusia Jasser Arafatekin hitz egiteko ordua iritsi dela pentsatzen hasi da

Likuden arabera, Yitzhak Rabinek eta Simon Peresek ezin alda daitekeen errealitatea eraiki dute

Agentziak / Jerusalem

PALESTINAREN Askapenerako Erakundearekin (PAE) hitz egiteari behin eta berriro ezezkoa eman eta gero, Likud alderdia, Israelgo eskuineko bloke nagusia, iritziz aldatzen hasi dela dirudi, eta orain pragmatismo hutsagatik bada ere, PAErekin hitz egin beharra dagoela esaten hasi dira alderdikide batzuk.

Likudeko parlamentario gehienek, baita kartak ongi estalita jokatzen duen Benjamin Netanyahu liderrak ere, praktikoak izateko beharra onartu dute, eta Jasser Arafat lehendakari duen Palestinar Aginte Nazionala ezagutuko dutela esaten hasi dira.

Aldaketa horrek bi arrazoi ditu, Likudeko iturriek aitortu dutenez.

Lehena, gero eta gehiago entzuten delako hauteskundeak maiatzera aurreratuko direla; eta bigarrena, Yitzhak Rabin lehen ministro zenaren gobernuak eta bere ondorengo Simon Peresenak, ezin alda daitekeen errealitatea eraiki dutelako.

Gaza eskualde eta Jeriko hiriarentzako Palestinar Aginte Nazionaleko lehendakari gisa jarri eta ia bi urtera Arafat Palestinar Autonomi Batzordeko lehendakari aukeratu zuten urtarrilaren 20an egin ziren hauteskundeetan.

Botere exekutiboa eta legegileak dituen erakunde horrek Zisjordania eta Gaza gobernatuko ditu, eta maiatzetik aurrera hasiko da Arafat Peresen gobernuarekin Palestinaren etorkizuneko independentzia negoziatzen.

Autonomia mugatua palestinarrentzat, baina Estaturik ez

Likuden aldaketaren estrategia, palestinarrentzako autonomia mugatua onartzea eta Gaza eta Zisjordania hartuko dituen palestinar Estatuaren osatzea galaraztea da.

Israelgo hauteskundeak urrirako aurrikusita badaude ere, baliteke maiatzera aurreratzea; eta bertan esaten dutenez otsailean iragarriko du Peresek hauteskundeen eguna.

Lehen ministroak abantaila handia ateratzen dio Netanyahuri boto asmoetan, eta Alderdi Laboristako kideek aukera hori aprobetxatu nahi dute.

Alderdi Laboristaren arabera, egun Israelek Siriarekin dituen elkarrizketek huts egiten badute aurreratuko dituzte hauteskundeak.

Negoziazio horiek dira ez aurreratzeko arrazoi bakarra, Simon Peresek Siriarekin bakeak egiteko aukera ez baitu atzeratu nahi hauteskundeak aurreratuz.